Galdera azkarrak
Nork: Naturklima lan-taldea

Erronketatik proposamenetara: klima-aldaketaren aurrean elkarlanean sortzeko laborategiak abiatu dira

image

Klima-aldaketaren aurrean irtenbide bateratuak bilatzeko BateraLabs-en parte-hartze prozesua erdibidera iritsi da. Lurralde bakoitzeko klima-erronka nagusiak identatzera bideratutako lehenengo topaketa sorta amaitu ondoren, eskualde askotan bigarren herritarren laborategiei ekin zaie dagoeneko, proposamen zehatzak batera sortzera bideratuta.

Lehenengo saioek harrera bikaina izan dute eta herritarren parte-hartze zabala bildu dute. Aurrez aurreko topaketez gain, ekarpenak jasotzeko bideak zabaldu dira, hala nola postontzi fisikoen eta parte-hartze plataformaren bidez. Horri esker, eskualde bakoitzeko klima-erronka nagusiak modu kolektiboan identifikatu ahal izan dira.

Aurretik egindako lan hori abiapuntutzat hartuta, bigarren saioek helburu argia dute:

  • Identifikatutako erronkak proposamen zehatz eta bideragarri bihurtzea.

Saio hauetan, parte-hartzaileek elkarlanean jardungo dute beren lurraldeetan antzemandako beharrei erantzuteko proiektuak eta ekintzak diseinatzen.

Dinamizazio-taldeak prozesu osoan lagunduko du, parte-hartze dinamikak eta baliabide grafiko zein testualak erabiliz, ideien trukea eta irtenbideen eraikuntza kolektiboa errazteko.

Bigarren saio hauetan ere BateraLabs programaren sustatzaileen presentzia izango da: Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarena eta Naturklima Fundazioarena. Eta, noski, programaren benetako motorra diren elkarte, eragile eta administrazioena ere bai, prozesu osoan lankidetzan aritu baitira.

Jasangarritasun Departamentuaren konpromisoa da eskualde bakoitzean adostutako azken proposamenak gauzatzea. Horrela, sortzen diren ekintza-proposamenek benetako eragina izango dute lurraldean, eta herritarrek identifikatutako klima-erronkei erantzuten lagunduko dute.

Batera sortzeko fase hau amaitutakoan, BateraLabs-ek amaierako ekitaldi bat antolatuko du egindako prozesua aurkezteko, lortutako emaitzak partekatzeko eta eskualde bakoitzean hautatutako proiektuak ezagutarazteko; entzutean, lankidetzan eta konpromiso kolektiboan oinarrituta eraikitako proiektuak, hain zuzen ere.

Klima-aldaketaren aurrean irtenbideak bilatzen, eskualdez eskualde.